Tropela Elkartea 2005ko martxoan osatu zen. Teknologia berrietan euskaraz bete beharreko gabeziak indartzeko sortutako elkartea izaki, Tropela.eus webgunea garatu zen. Hautatutako esparrua txirrindularitza izan zen euskal gizartean dagoen zaletasuna kontutan izanda.
Tropela Elkartearen jardurearik nagusiena txirrindularitzaren inguruko lehiaketak dira. Lehen lehiaketa 2005eko Tourrean izan zen, euskara hutsean, sari interesgarriekin eta doan. Geroztik lasterketa nagusien inguruan (Euskal Herriko Itzulia, Italiako Giroa, Frantziako Tourra, Espainiako Vuelta eta Munduko txapelketa) izan dira lehiaketak, urtetik urtera parte-hartzaileen kopurua nabarmen gehitzen joan delarik. Webguneak berak ere moldaketak izan ditu teknologia berrietara egokitzeko eta ahalik eta zerbitzurik hoberena eman ahal izateko.
Ez da, ordea, lehiaketetara mugatzen Tropela.eus. Lehiaketez gain euskal txirrindulariei jarraipen berezia egiten zaie, txirrindularitzaren inguruko berriak argitaratzen dira blog batean jendearen parte-hartzea izan dadin. Eta internetaz gain, ekitaldiak ere antolatzen ditu Tropela Elkarteak (sari banaketa ekitaldiak, irteerak,...).